Concierto de Juanjo Elezkano, el sábado 20, 19:00, Parroqui ade Lemoa

viernes, 22 de abril de 2011

Mahaitik mahaira

De la mesa  a la Mesa.
Meditación de Jueves Santo.


Markosen ebanjeliotik: (2,13-17)

Jesusek barriro aintzira edo itsaso aldera urten eban. Jende guztia berarengana zetorren eta irakasten hasi jaken.
Bidez joiala, Mateo Alfeorena ikusi eban zerga batzeko mahaian jesarrita, eta esan eutson:
–Jarraitu niri.



Mateok zutitu eta jarraitu egin eutson.
Geroago, Mateoren etxean zegoen Jesus mahaian; bazan beste zergalari eta pekatari asko ere Jesusekin eta honen ikasleekin mahaian; izan ere, askok jarraitzen eutsoen.
Fariseu lege-maisu batzuek, pekatari eta zergalariekin jaten ebala ikusirik, esan eutsen ikasleei:
–Zelan jaten dau zergalari eta pekatariekin?
Jesusek entzun eta esan eutsen:
–Ez dabe osasundunek behar sendagilea, gaixoek baino; ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino.


Ez naz. Enaz erratu. Apropos irakurri dogu Markosen ebanjelioaren hasieran dagoen txatal hau. Jesus, ikasleak, zergalariak, farisearrak… Eta danak mahaiaren inguruan. Mahai zeharo ezbardinak. Guztiz ezbardinak.

Gaur egun santu egun honetan ere, mahai baten ingurura dei egiten dausku Jesusek. Batzuk Elizan bertan. Beste batzuk etxean edo ohean. Danok batuko gara otoitzean mahai horren inguruan, batu, jesarri, berba egin, Jesusegaz egon.

Gure artean ere mahaiak badauka bere garrantzia. Ez dogu edonor gonbidatzen gure etxera, gure mahaira. Zenbat jende dagoen gure munduaren aberastasunaren mahaitik kanpo!

Eguen Santu honetan aldatu daigun mahaiaz, goazen Mateoren zerga mahaitik Jesusen mahaira!

(Musikea)


Mateoren mahaia. Zerga mahaia.

Merkantziekiko zergak, hau da, herrialde nahiz huri batean sartzen eta ataratzen ziran merkantziei ezarritakoak ziran. Galilea eta Trakonitide arteko muga zan Kafarnaum, hain zuzen. Zerga honeen kobratzea pertsona partikularrei ixten jaken errentan, zerga-batzaile nagusiei alegia; honeek, barriz, horretarako euren laguntzaileak hautatzen ebezen; laguntzaile horreetarikoak ditugu ebanjelioko zergalariak.

Zergak batzeko kargua eben juduak ziran zergalariak, besteren menpekoak eurek ere. Guztiz arbuiatuak ziran eta ageriko pekatari publikotzat hartuak ziran; euren karguaz baliaturik, abusu handiak egiten ebazala eta erromatar okupatzailearekin loturik egozela leporatzen eutsien; horregaitik, judu-lege-betetzaileak, farisearrak etab, eurengandik urrun ibiltzen ziran.

Holakoa zan Mateo. Zergak ordaintzea ez jako inori gustetan. Inoiz tranparik ere egin dogu gitxiago ordaintzeko. Nori ordaindu eta erromatarren lagun bati! Ez zan jendearen gustuko izango Mateo.

Mahaian jesarrita. Bakarrik. Mahai bete diru. Zenbat izerdi, lan eta afan diru hareek han ixteko, Zenbat zor eta zenbat egun lanean zergak ordaintzeko! Injustiziaren, bakardadearen, erromatar zapalketaren ezaugarri eta sinbolo dogu Mateoren mahaia.

Mateo jesarrita. Ordaintzen dauena zutik bere izerdia zergatan ixten mahai haretan. Ez maitasunik ez errukirik. Mateoren mahaia. Zenbat mahai antzeko gure herrian, gure munduan!

Eta hareri deitu Jesusek? Zelan ba? Normala ba farisearrak eta harrituta egotea. Harrituta baino gehiago. Hasarre egotea. Erlijio aldetik Mateo pekatarietan pekataria zalako. Eta haregaz jesarri Jesus? Herri aldetik Mateo erromatar zapaltzaileen tresna zalako. Eta Jesus haren mahaira jesarrita! Ekonomia aldetik herri pobretu eta zorpean bizi ezinik egoanak han ixten zituelako bere etekin apurrak. Eta Jesusek hareri deitu, haregaz bazkaldu?

(Musikea)



Jesusen Mahaia

Gure lurrak mahai bat behar leuke izan, mahai bakar bat, guztion eta guztiontzat fruitu apal eta gozoz betea, geure lanaren eta Jainkoaren  emoitzaren fruituz betea, eta euren artean adiskidetasuna lehena. Daukaguna guztiontzat balitz, guztiontzat nahiko legoke. Eta Jainkoa pozik legoke, bere seme-alaba guztiak olibondo gazteen pareko bere mahai inguruan ikusiz. Hori bai alaitasuna! Hori bai banketea! Hori bai bedeinkazioa! (Sal 128,3-4).

Markosen ebanjelio laburrean hainbat aldiz aipatzen da Jesusen banketeen kontua, askotan pekatariekin, herriagaz… Badauka bere garrantzia beraz! Jesusen izaera eta joera, mezu eta promesa guztiaren adierazgarri eta ezaugarri da otordua, mahia, banketea. Jesus ez da aszeta erlijioso bat, Joan Bateatzailea legez. Ez da etorri baraua iragarri eta zabaltzera, guztiak, eta batez ere herri pobretua aseko eta alaituko dauan mahaia iragarten dau.

Ez da harritzekoa batzuk Jesusi “tripero eta mozkor” deitu izatea (Mt 11,19/Lk 7,34). Baina Jesus hainbatetan mahaian jesarrita eta jaten emoten eta otordu barria agintzen agertzea barri ona, ebanjelioa zan gosepean bizi zan herriarentzat, eta barri ona izan behar leuke gaur goseaz hiltzen direnentzat. Eta ez bada, zer egin dogu Egun Santuagaz? Eukaristiagaz?

(Musikea)



Eguen Santuko Mahaia

Eta hona gaur, eguen santu hau, Jesusek berak bere mahaira gonbidatzen gaitu. Ez da edozein mahai. Apartekoa. Berezia. Mimoz eta ilusioz prestatu dausku mahai hau. Zeintzuk dira bere ezaugarriak?

- Mahai beti zabalik. Danok gagoz gonbidatuta. Gu. Gure kontraesan eta pekatuekin, gure zalantza eta bildurrekin, gure arropa barri edo zaharrekin, gure azal zuri edo beste kolorekoekin. Hau bai zortea! Guk ere jaso dogu inbitazioa! Gugaz ere akorda da. Ez da gutaz ahaztu. Ez gara handiak, ez gara handikiak, ez gara jauntxoak eta Jesusek guri ere deitu! Hau poza. Beraz ez daigun guk ere inor baztertu edo alboratu, mahaitik kanpo itxi.

Pazko ondoren, arazo larriak izango dira berehala lehen kristauen artean mahaia eta otorduak direla eta: judegu-kristau batzuk ez dabe edozelan ere jentil-kristauen mahaikide izan, ez dabez eukaristiaren kide moduan onartuko. Eta Paulok borroka egin beharko dau Jainkoaren eta Jesusen mahai-legea nagusitu dadin, guztiak mahai berean eta beretik jan dagien (1 Ko 11,17-34). Holan, eguneroko otordua Jaunaren afari geratuko da eta Jaunaren afaria erreinuko mahaiaren aurre-irudi.

Hona etortzeko, hemen bazkaltzeko ez dautsue paperik eskatuko, sozio izan beharrik eskatuko, partidu honetako edo harako izango, ez dozu kuota bat ordaindu beharrik. Gauza iraultzailegoarik!
- Mahai berean danak kideko. Hor gabiz mahaietan lehen postuak hartu gurean. Ez dakit ze presidente datorren eta haregaz bazkaldu gurean. Lehen postuak aukeratu, gustatu guztioi. Arrazoi politikoak, kulturalak, teologikoak… gure arteko mugak egiten dabez, marketan dabez, bereizten gaitue.

Jesusek ohorerik banatuko ez dituan gizarte bat egiten dau amets. Mundu barrian, guztiok mahai berean alkarren kideko izango dira, eta mahaikide guztiek Gonbidatzaile handiaren, hau da, Jesusen ohore bera izango dabe. Eta horren adibidea, gaur emoten dausku, afari honetan, zerbitzari edo morroiari dagokion zeregina edo lana beteaz: oinak garbitu gonbidatuei! Zoratu al da Jesus? Ez horixe! Berba barik itxi gaitu. Berba barik azaldu dausku zelan portatu behar garan!

- Mahaia, parkamen leku. Pekatariakaz, hau da, gugaz, ogia janez eta ardoa edanez, Jainkoaren maitasuna eta poza adierazten deutse, deusku, Jesusek, eta maitasun-poz horretan murgilduta sentitzen dira pekatariak parkatuta, maitatuta, sendatuta, barriztuta! Aita Onaren parabola haretan legez (Lk 15,23-24). Badator Semea, damuturik. Eta han dauka Aita besoak zabalik, otorduan ospatzeko parkamena, alkartzea.

Zergaitik? Entzun dogu bada hasierako irakurgaian: Jesusek entzun eta esan eutsen: –Ez dabe osasundunek behar sendagilea, gaixoek baino; ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino.

Hainbat jende mahaitik kanpora botatzen dauan gure munduan, hainbat baztertu gaixotu eta heriotzara kondenatzen dauan munduan, hainbat injustiziak bakea ukatzen eta hainbat gogorkeriak justizia urratzen dauan munduan, zelan iragarriko dogu Jainkoaren erregetza, ospatuko dogu egun santua eta eukaristia, zelan onartuko dogu Jainkoaren erreinua?

Parkamenaren bakea eta gaixo guztien osatzea gauzatzen ahaleginduz. Eta berba gitxitan esanda, Eguen Santua barikura, eta zapatura, eta aste osora luzatuz. Danok mahaikide bihurtuz, danok Jainkoagaz batera eta seniderik baztertu barik, mahai inguruan konpartituz alaitasuna eta jana, eukaristia eta poza, garena eta daukaguna.

Eguen Santu zoriontsua guztioi!


Publicar un comentario