Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

sábado, 14 de septiembre de 2019

Xabier Letek Xabier Lete gazteari erantzun heriotza dela eta



Hemen inguruetako poeta batek idatzi zuen behin, orain
baino hogeita hamar urte gazteagoa zenean, honako hau:


Ez nau izutzen negu hurbilak
uda beteko beroan
dakidalako irauten duela
orainak ere geroan.

Nik poeta hari erantzungo nioke ez dela izutzearena arazoa,
galera erradikalarena baizik. Erantzungo nioke dialektika poetiko-
materialistek kontsolamendu fiktizioak eskaintzen dituztela,
ez baitago estoizismoaren baitan heriotzak behin betirako itzalpera
eraman dizkigun haiei pozaren eta argiaren printza bakar bat
ere eskaintzerik. Norberak onar dezake norbera mundu honetatik
ezabatua izatea –azken finean ez da hain zaila, lo hartzearen pareko baita, inoiz ez esnatzeko-, baina maite izan ditugunak eramanak izana, hori ezin da onartu.

         Heriotza, sakonean, haustura bat da, zesazio behin betirakoa
mundu honetako ikuspegitik begiratuta. Heriotzaren unean, bizi
ziren haiek joan egiten dira, gure ondotik behin betirako urruntzen
zaizkigu, eta guk ezin dugu beraien alde ezer egin; ezin diegu
gure maitasunaren izpi ttiki bat gehiago eskaini, eta ezin ditugu
bizitzaren egun bakar bateko arnasara eta pozera ekarri ere.
Heriotzak bide guztiak hesten ditu, ahalbide guztiak klausurazten
ditu mundu honetako eszenatokian.

Xabier Lete: Heriotza bizi testigu baten ikuspegitik hitzaldia, Donostian, 2007 urtarrilaren 31.

 

      Arantzazun izan nintzen Leteri egindako omenaldian. Kanta bat izan ezik, Antton Valverdek musikatutako Leteren poema bat, beste guztiak hogeita hamar urte baino gehiago zituzten. Inpretsio hori neukan. Azken Lete ez zela agertu. Azken poemak, Azken liburuak. Azken zalantzak eta bilakaerak. JoxAnton Artzek errezitatu zituen bere gustuko poema eder batzuk. Beste guztia lehen Lete zen. Lete gaztea. Ekoizpen zaharra.
    Orain Bilbon emango dute omenaldia. Tarte gehiago egon da prestatzeko. Gaur irakurten dudanez egunkarian ez dakit nik azken Lete hori agertuko ete den. Lete zaharra. Ekoizpen berria. Badaezpadan 2007. urteko hitzaldi bateko pasarte hau dakart hona, bigarren Lete hori ez dezagun ahaztu.

Jose Mari Kortazar


Gure Aita
Gure aita zeruetan eta erbestean zerana
zer esanen diegu buruan tirokatuei
zer esanen diegu labeetan erretakoei
zer esanen diegu ziegetan lurperatuei
zer esanen diegu torturatuei, ezabatuei
zer esanen diegu haien ondorengoei
zer esanen diegu historiaren hondakinei,
Zu izanik den ororen lehena eta zentzua
zure baitan balego giza-destinoaren giltza,
esaiguzu, zer esan behar diegu haiei
iraindutakoei, odoldutakoei, apurtutakoei
emaiguzu kaddish baten hitzak
requiem batenak hala behar ezkero
esaiguzu non leudekeen, errukia, salbabidea,
otoitzak, arrenak, doluaren sendagarriak.
Adi gauzkazu, adi beti ahuspezkatuak
zure gurutze salbagarriaren aterbe aurrean.
Gure aita, sufrimenduaren egoitzetan zerana.

 

Xabier Lete.
(Egunsentiaren esku izoztuak)

Oharra:

6 urte dira ohar hau idatzi nebala eta gauza bera sentitzen dot, Pier Paul Berzaitzen bertsio zoragarria izan ezik!