Domekan Familia Ospakizuna

miércoles, 5 de diciembre de 2012

Abenduko sehaska



Hona beste proposamen bat abenduko domekak ospatzeko krisi egoera honetan.
Abendu hasieran sehaska bat hutsik, altare aurrean.
Domekaz domeka, bertso bat, eguneko ebanjelioagaz lotuta, eta ezaugarri bat sehaska inguratuz.

Egin daiteke: meza hasieran, sermoian, edota eskeintzak egiterakoan. Parrokia bakoitzak ikusi leike.

Abenduaren lehen domekan
altza ta jaso burua,
erne egonda, otoitz eginaz
zabaldu jaku zerua:
Lurrean, barriz, sehaska hutsik,
noiz  helduko umetxua:
Abendu hontan, arratiarrok
gabon dogu helburua.

 
Biblia bat zabalik: otoitza biblian oinarrituta


Abenduaren bide honetan
guk ezin egin etena,
jaso pobrea eta apala,
jaitsi harro dabilena.
Bihotz barritu, elkar lagundu,
indartu gure kemena:
eta ikusi, arratiarrok,
Jainkoaren salbamena.


 Ogia bat: danok eduki daigun zer jan.


Abenduaren sehaska dogu
zeregin eta opari,
Biblia dauka, ogia dauka,
falta jako gure argi.
Joan Bautista eta Jesusek
badabe euren gurari:
Arratian be guk zabaltzea
barri ona herriari!


 Argia, kandela edo kriseilu bat ixiotuta.



Abenduaren azken domekan
urrean dogu Gabona,
Caritas dator ez daigun ahaztu
pobre ta bakar dagona.
Sehaskatxoa prestatu dogu
Jaio dadin Ume ona:
Jaunaren Berba entzun ta betez
gurea da zoriona!



Caritas eguneko kartela eta batu dan dirua.


Natibitate egunean, sehaska horretan, Jesus umearen irudia jarriko genduke, beste ezaugarriak kendu barik, bigarren mailan itxita baino.




Bake bidean zorion bila
egin dogu hainbat saio,
itxuraz hil zan enbor zaharrari
kimu barri sortu zaio,
gorrotoaren ilun baltzari
bakeak argi damaio,
negu hotzaren erdi erdian
larrosa txikia jaio,
gorrotoaren ilun baltzari
bakeak argi damaio,
negu hotzaren erdi erdian
Jesus umea da jaio.

No hay comentarios: