Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

sábado, 8 de abril de 2023

Jainkoa eta ni: Xalbador & Xabier Lete. Bideoa

Badira urteak Xalbador bertsolaria hil zala bat-batean. Hona gure omenaldi txikia, egunotako oso kanta egoia. Fernando Aire "Xalbador" bertsolariaren hitzak, Xabier Letek abestuta. Ikusi hemen bideoa.



Gehiago jakiteko: 

Xalbador, beldur-erlijiotik maitasun-sinesmenera. Jende xumearen erlijio-jakituria





Bideoaren montajea: Iker Barrutieta

Azken hiru hamarrekoak bizkaieraz jarri deuskuz Eñaut Intxaurragak elizkizunetan be kantatu ahal izateko:


5.
Orain ez dakit, Jauna, Zu edo ni aldatu ete nazen,
etzara orain nire gogoan lengo itxuraz agertzen;
gertatzen danaz, O Nagusia! indarrez deutsut eskertzen,
gure arteko hoztasun hartaz hasia nintzen aspertzen,
Jainko maitea, ordua gendun lagunak egin gintezen.
6.
Zure laguna egin ezkero niretzat ez da nekerik,
Hain begirada samurrak emon deust konfiantzaz beterik;
ezen eskerik ez deutsut bada egiten neure baitatik,
ez kaztigua urrundu daizun, ez eta sari eskerik;
gaurkoz ez deutsut ezer eskatzen, amodioa besterik.
7.
Inoiz bakerik gozatubako nire gogo bihurria,
bihotzak edan dauan ur onak hil dau zure egarria,
ur on guztien Jabeak berak emon deusku neurria;
horra egi bat amodioak gure bistan ezarria:
Haren oinetan sortzen jakula bakearen iturria.



Jainkoa eta ni


1.

Fede haundiko burrason ganik sortu bainintzan mundura,

Jainko legean hezi ninduten jitean adimendura;

hain zen beroa denbor'hartako eliz gizonen kar hura,

ziotelarik gaizki eginak zeramala ifernura,

muinetaraino sartu zitzautan Jaungoikoaren beldurra.

2.

Entzuleeri behar diotet hau erran haste hastetik:

errexenerat nintzan lerrakor gauza guzien gainetik;

ahulezia ene nagusi izan da egundainotik;

ukan aholku guzien eta Jainko beldurraren gatik,

ez nau ez deusek nehoiz beiratu bekatoros izaitetik.

3.

Legeak zuen erakaspena hausten nuen guzietan,

okaztagarri aurkitzen nintzan Jainkoaren begietan,

nitaz betikotz etsi zuela iduritzen baitzitzautan;

desgustaturik damuz betea egon izan naiz bortzetan,

ez sorturikan Jainkoaz deusik ez dakiten tokietan.

4.

Orduko apez suhar zintzoek halako arak zituzten

etzen maitasun gozo haundirik heien ahotik ixurtzen;

heiek Jaunari eman itxurak ari ninduen itsutzen,

zeruko edertasunak berak hotz hotza ninduen uzten,

gaztiguaren labe gorria baizik ez nuen ikusten.

5.

Orai ez dakit, Jauna, Zu edo ni aldatu ote naizen,

etzira egun ene gogoan lengo itxuraz agertzen;

gertatzen denaz, o Nagusia, kartsuki zaitut eskertzen,

gure arteko hoztasun hartaz hasia nintzan aspertzen,

Jainko maitea, ordu zen noizbait lagunak egin gintezen.

6.

Zure laguna eginez geroz enetzat ez da nekerik,

zure behako samurrak eman nau fidantziaz beterik;

deusen galderik ez dautzut bada egiten ene baitarik,

ez gaztigua urrun dezazun, ez eta sari eskerik;

gaurkotz ez dautzut deusik eskatzen, amodiaz besterik.

7.

Nehoiz bakerik goza gabeko ene gogo bihurria,

bihotzak edan duen ur onak hil du zure egarria,

ur on guzien Jabeak berak emanikan negurria;

horra egi bat amodioak gure bixtan ezarria:

Haren oinetan sortzen zaukula bakearen iturria.

Xalbador.

No hay comentarios: