Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

jueves, 4 de abril de 2013

Aita Santua eta Aste Santua



Aita Santua. Aita Santu barria edo aita santu barria. Itzela komunikabideetan sortu dauan oihartzuna. Orduak eta orduak irrati eta telebistetan. Orrialdeak egunkari eta aldizkarietan. Hamaika sarrera webgune eta blogetan. Radio Euskaditik be, Arratia non dagoan ez dakien kazetariak (handia da, gero!), itaunka ea ze eretxi daukadan. Eta ze eretxi eukiko dot ba? Urruntxo dago Erroma. Niretzat be bai. Hona lau apunte.
 

Lehenengo apuntea: itzela sortu dauan zarata eta arreta. Gure Begitun be bai. Arratiako herrietan Aste Santuan zehar ospatuko diran 60 eleizkizunak aitatu be egiten ez dituan aldizkari batek interesa ei dauka gai honetaz. EITBn beharrean dagoan lagun batek esaten eustan: "Telebistako ordu erdi oso karua da. Erromatik irudien emisinoa debalde dan bitartean, esatari bat eta telefono dei bigaz ordubete merke-merke bete leiteke". Prezioa izango ete da arrazoi bakarra?

Bigarren apuntea: kanpotik, bazterretik dator, Hego Ameriketatik. Gure gazteak Iparraldera bialtzen doguz ikasten, hegoaldetik ekarri dabe aita santua. Esperantzazko keinu bat bada. Pobreak aitatzen ditu. Hego Ameriketan ezinezkoa da pobreak ez ikustea. Asko dira. Larregi. Guk pobrezia ezkutuan daroagun bitartean han, ageri-agerian dagoz. Ona da kontuan hartzea eurak dirala munduan gehiengoa. Eta euren aldeko keinuak ugari egin ditu eta egingo ditu.

Hirugarren apuntea: zalantza bat. Helder Camara Brasilgo gotzainak esaten eban behin eta barriz: “Pobre bati ogia emoten badeutsat “santu” deitzen deustie. Pobre batek zergaitik ez daukan ogirik itaunduten badot “komunista” dinoste”.

Kalean paseoan zoaz. Kalean kristal apurtuak ikusi eta berehala pentsau edo esaten dozu: zeozer apurtu da, bentanaren bat, botilaren bat… Munduan bizi gara. Pobreak ikusi eta profetak atoan esango dau: justizia apurtu da.

Aita santuak alkartasunaren alde egingo dau. Argi eta garbi. Justiziaren alde egingo ete dau? Egin ete leiteke Vatikanoko palazioetan bizi izanda? Buenos Airesen egin eban lez, gotzain egoitza itxi eta pisu batera biziten joatea posible izango litzateke?

Laugarren apuntea eta azkena. Argentinako diktadureagaz izan eban jokabidea be asko aitatu da. Hemen nori entzun, halako erantzun. Adolfo Pérez Esquivel argentinarra Bakearen Nobel Saria da. Diktadurearen kontrako ekintzaile bakezalea. Niri haren berbeak sinesgarritasuna emoten deust. Argi esan dau Frantzisko aita santua ez zala kolaboratzaile bat izan. Martiri bat be ez, Angelelli gotzaina lez edo El Salvadorreko Oscar Romero gotzaina lez. Baina inondik be ez diktaduraren laguntzaile, medio batzuk zabaldu eben lez, nire ustez iturriak kontrastau barik.

Komunikabideen agendan desagertuko da gai hau. Aita santu barria ez da albiste izango. Ke bihurtuko da. Eta zer geratuko da? Egutegian Aste Santua be joan egingo da. Eta egun baltzak agertuko dira gorrien ordez. Eta zer geratuko da?

Xalbador pastore, profeta eta bertsolariak esaten ebanez: "Jainkoaren hurbiltasuna sumatu dauenak ezin dau harrika ibili inogaz". Hori lortuko bagendu hasia dogu adiskidetzearen espirala.

Jose Mari Kortazar
 
Begitu aldizkarian argitaratua,  183 zenbakia, 2013 apirilak 2a

No hay comentarios: