Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

jueves, 4 de noviembre de 2021

Azaroa (01): Domu santu, Arimen Eguna eta linoa: Urtaro 13


Hona hemen Juan Manuel Etxebarriari esker bere Euskal urtea ohituraz betea liburuaren atal barri bat. Oso osorik liburuan bertan aurkitu daiteke bere lana azaroari eskainia. Guk hona gora behera batzuk dakarguz. 


Hilabete honi eskeinitako atala luzea danez, zati bitan emongo dogu:

1.- Domu Santu, Arimen Eguna eta linoa

2.- San Martin, txarribodak eta ikatzgintza,
Eskerrik asko Manu!


 Más artículos de la serie Urtaro clic aquí.






Azaroa, Zemendia edo Azila. Hilabete hau, bere  izenak adierazten deuskunez, haziarekin lotuta dago. Herriko esaera zaharrak dioenez, “ orri erorte gari ereite...” sasoi honetan, behin irailaz gero lino, gari eta abarren ereitean sartzen ziran gure aurrekoak. Gaur egun, linoa eta hainbat euskal lurraldetan garia bera ere historia bihurtu da.



Beraz, sasoi honetan, lurrak landu eta ereitzak eginda ixten ziran gero hurrengo urteko udan uztak lortzeko.

Behin ereitzak eginez gero, beste ekintza batzuk nagusituko dira gure baserrietan. Bata etxean bertan, linoaren kultura eta bestea basoan, ikazgintza.



Beste alde batetik, kristautasuna sartu ahala, Eleizeak ospakizun handi bat kokatu eban hilabete honen hasierako egun bietarako: Domu Santu eta Arimen eguna.


Hilabete honi eskeinitako atala luzea danez, zati bitan emongo dogu:

1.- Domu Santu, Arimen Eguna eta linoa

2.- San Martin, txarribodak eta ikatzgintza,



AZAROKO  ESAERAK



1-. Azaro, azaro, erein eta itxaro

2-. Azaro euritsu, urte garitsu

3-. Azila hotz, negua hotz, azila bero, negua bero

4-. Zemendian San Martinek orio zaragiak aurretik zein atzetik bota

5-. Hazileko ortzia, neguko eguzkia.





1.- DOMU SANTU





Azaroaren lehenengo egun hau, izen ezbardinekaz ezagutzen da. Domu Santu, Domuru Santu, Domuru Santuru, Domini Santu, Dome Santoe (Z), Omiasaindu(BN) dira entzutetsuenak.

Kalendariora bagoaz, egun hau beti da jai eguna eta egun handi bihurtu da kristautasuna zabaldu den neurrian.

Hiletak eta olatak banan-banan ospatu arren, zemendiaren batean santu guztien eguna ospatzea erabaki zuen Eleizeak eta harrezkero, gure eleizak bete-bete egiten dira hildakoak gogoratzeko.

Hilerri edo ortusantuak egiten hasi arte, eleiza barruetan lurperatzen ebezen hildakoak eta familia bakoitzak bere sepultura tokia zeukan kokatuta eleiza barruan.

Domu Santu egunean, olatak eroaten ziren sepulturara. Familiako sepultura gainean, haginadura eta guztizko mantel zuria ipinten zen erdian zapi beltz bat ebala. Antzina, opariak eroaten ziran, zakuto bete gari, ogia eta abar baina azken urteotan dirua. Sepulturaren aurrekaldean, kandelargi edo zurlanduzko argizaiolak ipintzen ziran, nork gehiagoka ere erakutsiz.



Olatako ogiak, meza ostean, batu egiten ziran eta sakristiara eroan. Batzuk, abaderentzet ziren, beste batzuk monagiloentzat eta gainetikoak herriko umeentzat.

Urteak joan urteak etorri, hilerri edo ortu santuak egiten joan ziren, eleizari deutsala edo inguruan eta eleiza barruan sepulturak bakarrik itzi, sendi bakoitzari bere ohiturazko tokia adieraziz.

Gerora, Domu Santu egun honetarako, hilerri edo ortusantuak apaindu egiten ziran eta egiten dira. Eleizan, eleizkizun otoitza egiten da eta azkenean hilerrira bisita errespontso eta guzti.

Aspalditxotik, nitxo edo panteoiak erabiltzen dira hobiratzeko eta azken urteotan gorpuak erre egiteko joera zabaldu da eta gero hautsak ortusantu zein mendi-erreketan bota edo etxean gorde.

Egiten dana egiten dala, gaur egun ere gure herrietan ia-ia herri osoa alkartzen da egun honetan eta giro paregabea bizi izaten dogu eleizkizunaren inguruan.





2.- ARIMEN EGUNA



Azaroaren bian, arimen eguna ospatzen da. Asteguna danez ospakizun familiarragoa egiten da. Meza eta ortusantura joan-etorria errespontsoa bitarteko dala.

Egun honetan, purgatorio edo garbitokiko arimen aldeko nobena edo bederatziurrena egiten hasteko ohitura handia zegoen.

Katekesian entzuten genduenez, hildakoen arimak ez ziran sartzen zeruan harik eta lurrean txarto egindako hutsak garbitu arte. Garbitze horretarako, bizidunen otoitzak  ziran beharrezkoak eta holantxe sortu izan dira arimen aldeko hainbat eta hainbat otoitz.

Eleizako sineskeraz aparte, herri mailako ipuin edo eta esaunda ugari ere sortu izan da arimak zeruratzeko kontuan.

Herritar eskoren ustez, lurrean zeozer bete barik hildakoen arimak eleizaz eleiza eta ermitarik ermita ibiltzen omenei ziran gauiluntzeko abemarietako kanpaietatik egunsentiko kanpaietararte. Aikomenzan bi ipuin edo esaunda esanguratsu:



ARIMAK  LAMINDAON



Gaubiluntzetan antza, arima koadrilla ikaragarria, elia ibilten ei zan eleiza eta ermitarik ermita euren munduko okerrak arteztu arteraino.

Baten, aberatsen baten arima ei ebilen sokorru baten Lamindaoko elezportalean eta ba hango baten batek barruntatu ere egin ei eban eta joan ere bai. Eta badaezpada “aitearen” bat egin eta badinotso:

-Nor zaren beist, zer ofreziduten jatzu?

-Ba urlia naiatzu eta honantxe eta honantxe urli lekutako etxeko orma zuloan honenbeste hamaseiko gorri itzi nituen gordeta eta senitarteko inori esan barik hil, eta inori esan barik hilez gero ezin da bat sartu zeruan, horixe mesedez esango bazeunskio gurekoren bati?

-Hori baino ez bada egingo jatzu, baina ez zaitez honenbeste estadio barruan arrimatu nigana, zagoz hor geldi eginbeharrok egin arte.

Eta gizon horrek emon ei eban parte eta familiak hartu ere bai diruon gozamena eta zati bat hamarrenak eta limosnatan emon seguru eleizeari. Handik gehiago ez ei zan ikusi arima hori, zeruak hartuko eban! 





GAUEKO TXARRI-ELIA: ERDIA TXARRI ETA ERDIA ARIMA. 



Baten antza, hortik Gallotik Kolasiñorantz joan ei zan andre bat abemariak jo eta gero, eta Galloko kurtzeroko oilarraren ondotik joiala, txarri-eli edo txarri banda bat agertu jakon irrintza eta urrumotsean.

Andre hori, odolak ur egiteko moduan zegoen zer egin ez zekiela. Apur bat konortera etorri zanean, barriro ere abemariak errezatu eta orpoetan har barik ekin eutson etxera-bideari.

Behin etxeraz gero, bizitako guztia kontatu eutsen berekoei. Etxekoek burlazartzat hartu eutsoen kontatutako guztia esanez:

-Txarri-eli batek urten badeutsu bidera, zergaitik ez dozu ba ekarri bat etxera, urtean zehar hazi eta jateko?

-Zagozie ixilik! -erantzun eutsen harek andreak-; horreik ez dira izan kortatxietako moduko txarriak, horreik erdia txarri eta erdia pertsona-arimak izan dira, hilez gero kondenaturik dabiltzanak mundurik aramaio harik eta euren bizitzako mantzinkerien ordea betatu arte. Horrekin kontuz! Horrengandik hobe egun argiz apartatu, zein norberari behar ez danaren bat egin. Barriro dinotsuet, kontuz! eguna egunezkoentzat da eta gaua gauezkoentzat; honeek azkenengook, norbera bila joan barik ere laster gainetu litezke gero! Gauari errespetoa izan behar jako, ezbeharrak gertatu egiten dira eta!

Harek andreak, hain esan zituen berbok barrutik eta bene-benetan, etxekoak ere hartan geratu ziran eta ez eben komertazino hori gehiago atara euren artean, badaezpada!”





3.- LINOAREN BEHARLEKUA





Euskal Herrian, ehun modernoak sartzen hasi arte, linu eta artilezko oihal, jantzi eta abarrak egiten ziran.

Artile eta linu irutea andrazkoen beharlekua zan eta udagoien eta neguko gauiluntzetan goruetan eragoioen bakarka edo taldeetan ikaragarrizko tertuliak eginaz.

Artilea errez lortzen zan. Behin uda joanez gero, ardiak mutildu egiten ziran eta mendira bota. Lana edo artilea haria egiteko zein koltxoitarako erabiltzen zan, lastamarragazkoa baino erosoagoa zalako. Behar zanaren gainetikoa saldu egiten zan.

Abarka trailak eta egiteko, ardi baltzaren lana nahasten zan, horretarako azuri baltzak ere hazi egiten ziran artaldeetan.



Linuaren prozesua luze eta gogorragoa zan eta batek baino gehiagok kontatu zein kantatzen izan ditu linuaren penak eta nekeak.

Esaera da izan ere baina,” linoaren atsekabeak, amaigabeak ” izaten ei ziran.

Linua, irailaren azkenean edo urrian ereiten zen hurrengo urteko San Juan inguruan batzeko.

Linua, eskuz ateratzen zan, sustraitik eta egun batzuetan sikatzen itzi linaza soloan bertan.

Gero eskutadak egin eta etxera eroaten zan, jo eta hazia garantzeko.

Hazia gorde egiten zan hurrego urterako eta lastoa edo belarra putzu edo errekara eroan ondo beratuteko.

Hamabost bat egun igaro ondoren, linu-sorta guztiak hartu eta etxe aldera eroaten ziran. Eskutaden estukinak desegin eta zabal-zabal jartzen zan linua larrainean sikatu eta azala usteltzeko.

Gero, etxeko atarian, linarrian zanpatu edo mazoaz jo egiten zen dana, azal ustel eta sastaparra guztiak bota arte.

Hurrengo beharra, ezpatatu eta trangatzea zan linuaren harigaia harrotu eta biguntzeko. Jarraian, andrazko eta gizonezkoen linu-afaria.

Hurrengo pausua subarasketa zan.  Subaratsak linua harrotu eta bigundu egiten eban eta baten barik hiru bider eginez gero hobeto.

Behin horraz gero, orrazketa zetorren, zarrantxa izeneko tresna bat zan, ohol luze baten puntan hamar-hamabi zentrimetrotako untzeak zituena orrazi modura. Harigai xeheagoa nahi izanez gero, orraztualdi gehiago emon behar izaten jakon. Guztietatik xehe edo finena amukoa edo kirrua zan, izara, atorra  edo gizonezkoen alkondarak egiteko erabiltzen zana; muiloa latzagoa eta mukerra edo burutxa bastuena.

Hori guzti hori egin ondoren, irun egiten eban gorulariak goruetan ekinaz. Irute horren azalpena  adierazteko zer politagorik R.M.Azkuek jasotako iparraldeko “ Oh!, Pello, Pello “ abesti famatua baino: Aikomen:



OH! PELLO, PELLO



1-.

Oh! Pello, Pello

logale nauk eta

jinen niza oherat?

Irun ezan eta

gero, gero, gero

irun ezan eta

gero, gero bai.



2-.

Oh! Pello, Pello

irun diat eta

jinen niza oherat?

Astalka zan eta

gero, gero, gero

astalka zan eta

gero, gero bai.



3-.

Oh! Pello, Pello

astalkatu diat eta

jine niza oherat?

Harilka zan eta

gero, gero, gero

harilka zan eta

gero, gero bai.



4-.

Oh! Pello, Pello

harilkatu diat eta

jinen niza oherat?

Irazki zan eta

gero, gero, gero

irazki zan eta

gero, gero bai.



5-.

Oh! Pello, Pello

irazki diat eta

jinen  niza oherat?

Jos ezan eta

gero, gero, gero

jos ezan eta

gero, gero bai.



6-.

Oh! Pello, Pello

josi diat eta

jinen niza oherat?

Argia dun eta

bihar, bihar, bihar

argia dun eta

jinen hiz bihar.


 

No hay comentarios: