Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

sábado, 12 de abril de 2014

Herrien Pazkoa



Jesusek gure alde bizi ebana ospatzen dogu urtero lez



Erramu Domekea

Jesus Mesiasen herriak aurretiaz ospatzen dau “lur barria”: gatx bako, zapaldu bako, baztertu bako herria. Senideen arteko Herria. Gehiegi eukiteari uko egin deutsona (zaldiaren ordez astoa), indarkeriari uko egin deutsona (ezpataren ordez erramua) behar beharrezkoa dana elkar banatzeko: ogia eta bakea, maitasuna eta fedea.
Zelan eroan koherentzia minimo bategaz erramuok egunotan? Jaunaren Erregetzaren bakearen eta justiziaren alde lan eginaz.
Hau guzti hau ez da debalde edo dohainik. Honek bere kostua dauka. Nekaldi injustu bat dakar. Horixe da gure bidea, zerbitzari egin dan Jaunaren urratsak, lorratzak jarraitzea. Bere jarraipenean ez goaz amildegi batera, Jainkoaren betetasunera baino.
Bideak. Zein bide?

Caminos. Carlos Salas.

Eguen Santua

  • Zerbidu Jesusek zerbidu eban moduan. Nori? Behartsu, pobre eta babesbakoei. Pekatari, errukarri eta gizajoei. Gaixo, ezindu eta zaharrei. Bertan behera itxi ditugunei eta eskubide barik bizi direnei.
  • Maitatu Jesusek maite eban legez. Zelan? Apal-apal eta dohainik. Otzan eta garbi, muga gabeko bihotz zabaltasunaz eta betiko parkamenaz.
  • Emon. Jesusek emon eban legez. Ezer ez daukienen alde dan-dana emon, gorputza eta odola, berbea eta keinuak, bizia heriotzaraino. Adiskidetasun barri bat ezarri, barria eta betikoa, baztertuak gure mahaian jarriz, eurentzat tokia eginaz, gizartearen bazterretik erdigunera ekarriaz. Senide arteko maitasuna Jainko maitasunaren seinalea eta ezaugarria da.

Bariku Santua

  • Kurutzean Jesusek bere azken arnasea Jainko Aitaren eskuetan ixten dau.  Bere barrutik sortzen dan odola, bizia da. Ez dau zikintzen. Errubakoa da. Odol horrek garbitu egiten dau, bizia emon, indartu. Bere bihotza iturri bihurtu da. Ur barria emoten deusku. Gure bizitza barri eta zorion egarria asetzen dauan ura.
  • Jesusen ama be bertan dogu. Leial eta zintzo, emakumeekin azken orduan ere. Kurutzearen ondoan zutik. Jainko Herriaren, gizateria barriaren ispilu, ezaugarri.
  • Berarekin batera igaroko gara jainkoaren seme-alaba izatera, anai-arreba izatera, betiko salbamen eta askapen osora.
Jainkoa eta ni. Xalbador & Xabier Lete

Zapatu Santua

Isiltasuna. Bizidunen lurraldetik kanporatua izan da Jesus. Hildakoen isiltasuna. Biziaren Jainkoaren azken Hitzaren zain isil-isilik gagoz.
Esperantza guztien kontra bere epaia itxaroten dogu. Justizia barik eroan eben, defentsa barik kondenatu eben. Gure alde egin eban eta bakar bakarrik geratu zan. Nork salbatuko ete dau?

Pazko Bijilia

  • Sufrimendu, pekatu, injustizia eta heriotzaren ezaugarri da gaueko iluna. Ilunaldi horretan biztuten dogu pazko argi nagusia. Jesusek bere aintzarako bidea erreztu deusku. Urte guztian zehar argi nagusi horrek lagunduko dausku.
  • Jesus dogu Bidea, Egia eta Bizia. Historian zehar bere lorratzen bila ibiliko gara. Albiste handia entzungo dogu: Zergaitik bilatzen dozue hilen artean bizi dana? Biztu da!
  • Gure bateoa barriztatzen dogu. Bateoari esker bat egiten dogu eta betiko berbiztu dan Jaunagaz. Bere bizi barriak seme-alaba barri egiten gaitu. Bere Espirituak betetzen gaitu. Jainko maitasunaz eta senide arteko maitasunaz bete ere. Eleiztar ekintzaile egiten gaitu gure nagikeria alboratuz.
  • Jesukristorekin, hau da, Aita beraren seme-alaba eta alkarren anaia-arreba izanik, Otordu ederra konpartitzen dogu. Maitasun eta alaitasunean. Inor baztertu barik senide arteko konbite honetatik.
  • Bere Biztueraren testigu edo lekuko legez, orain gu gara bialduak ebanjelioa zabaltzera, Bizi Barria zabaltzera, historia barria eraikitzera. Herri guztiekin batera Aleluia! kantatzera.

Biztu zaigu gure Jauna!

Pazko Domekea

Kreazio barriaren Espiritua oparitu deusku Jesusek. Jarrera barri bat behar dogu Espiritu hori onartzeko, gureganatzeko, sakontzeko. Espiritu horrek egingo gaitu Erregetzaren testigu eta historiaren eragile. Emon eskua alkarri. Pazko zoriona! Azkenak lehen tokian eta baztertuak erdigunean jartzeko asmoa.

No hay comentarios: