Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

lunes, 24 de noviembre de 2014

Abenduko hazia

Abendua dala-eta, hona gogoeta labur bat eta dinamika txiki bat erabilgarria otoitz pertsonalean, parroki txikietan mezatan (abenduko koroagaz batera edo koroaren ordez, homilian bertan edota eskeintzan) edo otoitz talde txikietan. Mezatan erabiltzen bada, bertsoa paintailan jarri daiteke danon artean kantetako doinu errez eta ezagun bategaz. 




Abendu aldia, ereiteko sasoia


Domekea
Ebanjelioa
Ezaugarria
Abenduak askatzen gaitu
Erein
1
Mk 13,33-37
Hazia
Prisaka ibiltzetik
Lan isila, apala
2
Mk 1,1-8
Ura
Arrakastaren obsesiotik
Onartu gareana eta holan azaldu
3
Jn 1,6-8.19-28
Argia
Norabide barik ibiltzetik
Jesusen jarraipena
4
Lk 1,26-38
Emakumea
Diskriminazioak egitetik
Zubiak egin, hesiak apurtu


Abendua da urte liturgikoaren hasiera.

Begi aurrean dagoen hori baino sakonago, harago ikustera laguntzen gaitu. Itxaroten erakusten deusku, normaltzat emoten doguna baino gehiago itxaroten. Abenduak Jainkoaren bila jarten gaitu orain arte Jainkoa bilatu ez dogun toki horreek kontuan harturik.

Itxaroten ikasteko aldia da abendua. Itxaroteak lagunduko deusku bereizten zer dan ona, hobea eta ezin hobea.
Lortu ahal doguna, eduki ahal doguna horreek dira erizpideak, kriterioak bizitza hau neurtzeko. Itxaroteak lagundu egingo deusku mundu honetan ikusezina dan horregaz bat egiten.
Itxaroteak prisatik askatzen gaitu, erritmo zoro eta azaleko horretatik. Inora heldu barik galapan eta prisaka ibiltzetik askatzen gaitu.
Itxaroteak sakonera begira jartzen gaitu. Azalean geratu barik sakoneko bizitzaren errekak bilatzen, ur putzu sakonetik ura ataratzen.
Abenduak itaun honeek dakarskuz: Zertan gastetan dozu zure bizia? Orain zein izar jarraitzen dozu? Izar horrek zure giza arima zabaltzen dau, handitzen dau, sakontzen dau?

Abendu honetan askatu gaitezen prisaka ibiltzetik, gure beharraren fruituak atoan ikusi guratik, arrakastaren obsesiotik, norabide barik ibiltzetik, txalo merkeak jaso gurean ibiltzetik, hurkoa edo auzoa diskrimenatzetik.

Abendu aldi hau, ereiteko sasoi bihurtu dagigun. Nekazariaren moduan, lurra landu ondoren, ikasi dagigun itxaroten. Erein daiguzan ebanjelioaren haziak: lan isila, apala, umila; apaltasuna, garean moduan onartu gure burua eta azaldu jende aurrean; saltoka ibili beharrean Jesusen izarra aukeratu eta hari jarraitu, Berari bakarrik; bardintasun, harrera eta errespetuaren hazia, gure arteko hesiak botaz, bideak erreztuz, zubiak eraikiz.





I. domekea: Hazia

Abendu aldi, ereite aldi
eredu da nekazari,
gaur erein eta, gero itxaron,
lurrak ernetzen badaki.
Prisaka gabiz, atoan dana
bizi gara arin, larri.
Abendu hontan aska gaitezen:
Itxaron datorkunari!



II. domekea: Ura

Sehaska hutsik ageri jaku
abendu aldi barrian
bidea_arteztu, mendiak jaitsi
profetaren aldarria.
Apaldu behar benetan gure
arrakasta egarria,
Abendu honek garbitu daiskun
itxurakeri larria!






III. domekea: Argia

Atzo ezetza, gaurkoz baietza,
aldatuz sarritan bide,
mezatan “arre” kanta ostean
kalean “iso” lankide.
Izar gaberik, mundu honetan
topa ezin argibide:
Abendu hontan izar bakarra
Jesus gure norabide!



IV. domekea: Emakumea

Baltz ala zuri, ezker eskubi,
kanpostar  ta bertokoa,
bata abade, bestea laiko
gizaseme, andrazkoa.
Baztertzen doguz, harrokeriaz,
ez direnak gustukoak.
Jainkoak danak egin ginduzan
bere besoetakoak:
Abendu hontan eredu indar
Mari Nazaretekoa.

 

Gabon gabaz, umea sehaskan ipinterakoan:

Jaunaren Hitza dogu hazia
berak dakar salbamena,
bateo uretan seme-alaba
egin ginan Jaunarenak;
Belengo argi apal barriak
albistea dakarrena:
Maria lagun jaioko jaku
gizakion askapena!

Jesusen pozak, penak kendu ta
biguntzen malko negarra,
bidean galdu garanok, barriz,
Jesus argi ta izarra,
Zesar, Herodes, handi harroak,
pobreentzat zital txarrak,
jauretxe baino aska gurago
bertako maitasun garra.
 

No hay comentarios: