Domekan Familia Ospakizuna

domingo, 9 de noviembre de 2014

Bediako San Martin 2014

Ez dira makalak Bediakoak. Aurretiaz ospatu dabe San Martin jaia Ereñoko bere ermitean. Ibilaldia, mezea, hamaiketako ederra... Hona argazki erreportaje bikaina Patxi Moyaren eskutik.





San Martin, negua atzetik edo aurretik,
gehienean bietatik



Zemendiaren 11an ospatzen da San Martin, eta herri egutegian txarria hilteko sasoiaren hasiera da, orduan hasi eta Gabon bueltara arte. San Martin egunaren ganean badago makina bat esaera; batzuk eguraldiagaz lotuta, besteak jatekoagaz.

Nekazarien munduan Euskal Herriko etxe eta familiarik gehienetan txarria hiltea usua izan da. Busturian esaera hau erabilten eben baten bat etxe onera ezkontzen dala esateko: txarria hilten daben lekura ezkondu da.

Txarria hilten danean auzoko, senitarteko eta urtean zehar zerbitzuren bat eskaintzen deutsenei (abadea, medikua, maisu-maistra...) odolosteak eta txarriaren beste gorputz atalak emoten jakez. Holan, batzuen eta besteen artean trukea egiten da. Hori oinarri hartuta, Bizkaian badago esakera bat: odolosteak ordeaz. Horrek esan gura dau, norberak zer egin (ona zein txarra), besteek be haxe egingo deuskuela.

Herri-kulturan asko agertzen da santu hau gure artean, San Martin txiki moduan askotan. Tradizinoak dinoanez, zuhurra be zuhurra zan, jentil eta basajaunei trikimailuen bitartez kendu eutsien euren jakituria, eta horreri esker ezagutu dauz gizakiak lurra landuteko hainbat gauza: gari-hazia, artoa noiz erein, zerrea zelan egin, errotarria zelan dabilen...

Azkuek ipuin hau batu eutsan Ermuko andra
bateri (Euskalerriaren Yakintza 2, 312-314 or):

"San Martin errementaria zan. Behin bere arazo artean, nekearen nekeaz eta beroaren beroaz edo, minduta hasarrez egoan gizona, eta Txerreni, estualdi hatatik ataratearren, arimea emoteko gertu egoala esan eban. Behingoan agertu jakon Txerren.
-Hamen naukak, Martin -esanda.
-Ez haut nik behar hi ezetarako.
-Heuk dei egin daustak eta hona ni.
-Dei egin badauat zer egiten joadan ez dakidala egin izango joat.
-Ta ta ta ta ta! Neugaz behar dok.
-Ezetariko gogo bagarik egin dodala.
-Martin, nire eskuetatik jara (libre) egon gura badok, gauza bi egin behar izango dozak oraintxe: lehenengoa, burdinazko tresna barri bat asmau; bigarrena, hamabi misterio handiak zeintzuk diran esan.
-Burdinazko tresna barri bat! -hagin artean esanda, larri lurrera begira egon zan lehenengo; gero goi aldera, laguntasun eske bailegoan; eta gaztaina-adarretan akasdun orri eder luzeak ikusteak burutasun barri bat sorrarazo eutsan garun artean.
Gero urduri-urduri lanean hasi zan. Burdinazko zatai eta ailarak sutan sartu eta txingura ganera porrikaz ekarri eta taunk eta taunk, taunk eta taunk ekin eutsan San Martinek lanari... Lehenengo zerreak orduantxe gizon baten eskuartetik burua atara eban.

Bigarren eskabidea, hamabi misterio handiak aitatzea, bien artean egin eben: Txerrenek itaundu, San Martinek erantzun.
-Martintxo, esaik bat.
-Gure Jauna bera dok bat berak salbauko gaiozak; baina ez hi.
-Martintxo, esaik bi.
-Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak; baina ez hi.
-Martintxo, esaik hiru.
-Hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak; baina ez hi.
-Martintxo, esaik lau.
-Lau ebanjelariak lau, hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi... eta abar.
-Martintxo, esaik bost.
-Jesukristoren zauriak bost, lau ebanjelariak lau, hiru Trinidadeak... e.a.
-Martintxo, esaik sei.
-Sei argi-egileak, Jesukristoren zauriak bost, lau ebanjelariak... e.a.
-Martintxo, esaik zazpi.
-Zazpi Sakramentuak, sei argi-egileak...
-Martintxo, esaik zortzi.
-Zortzirak dira zeruan, zazpi...
-Martintxo, esaik bederatzi.
-Bederatzi ordenamentuak...
-Martintxo, esaik hamar.
-Hamar mandamentuak...
-Martintxo, esaik hamaika.
-Hamaika mila aingeruak...
-Martintxo, esaik hamabi.
-Hamabi apostoluak, hamaika mila aingeruak, hamar mandamentuak, bederatzi ordenamentuak, zortzirak dira zeruak, zazpi sakramentuak, sei argi-egileak, Jesukristoren zauriak bost, lau ebanjelariak lau, hiru Trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, Jesukristo bera dok bat, berak salbauko gaiozak; baina ez hi.
-Martintxo, esaik hamahiru.
-Ez, ez dok hamahiru.
-Badok hamahiru.
-Oilarrak joten dau munduan, aingeru ederrak zeruan, neure arimea izten deutsat Andra Mariari altzoan.
Eta orduan itsutu zan Txerren."

Iturria: Labayru Ikastegia

No hay comentarios: