Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

domingo, 15 de noviembre de 2015

Gomendatzen dizuet: Rufino Iraola

Zer da gomendatzen dizuedan hori? ‘Hemen’ aldizkariaren azkeneko alea, 47. zenbakia. ‘Hemen’ek gai monografikoa jorratu ohi du ale bakoitzean; oraingoan, fundamentalismoa. Aurkezpen handirik behar ez duten bost lagunek heldu diote gaiari: Joxe Arregi, Maria Jose Arana, Jose Ramon Beloki, Juan Kruz Igerabide eta Miguel Ramon Vigurik, eta bostak Joxemari Arzalluzek koordinatuak.

Nahiz eta ‘Hemen’ erlijio gogoetarako aldizkaria den, Jose Ramon Belokik adierazten duen eran, hangoak, hemengoak, honelakoak eta halakoak dira fundamentalismoak. Fundamentalismoaren erroak zein hedatuak diren erakusteko, 47 fundamentalismo-forma zerrendatzen ditu; noski, era eta kolore guztietakoak. Beraz, hemendik aurrera kontuz ibili beharko dugu, ea geu ere barianteren batek harrapatuak gauzkan!

Gainera, legazpiarrak ‘fundamentalismo’ hitzaren 12 sinonimo aipatzen ditu esplizituki, eta, puntu suspentsiboz amaitzen duenez, zerrenda oraindik ere zabalagoa dela esan nahi du.

Bestalde, izen ospetsuak sartzen ditu zerrenda horretan: Reagan, Thatcher eta Wojtila bera. Atal osoa eskaintzen dio Aznarri. Mendebaldeko fundamentalismoak aipatzen ditu. Islamiarra, nola ez? Astintzen digu fundamentalismo abertzalea, konstituzionalista, eta abar. Eta fundamentalismoak bizirik dirauela esanez bukatzen du, honako gomendio eta ohar hau ahaztu gabe; alegia, kontuz ibiltzeko, gerta ez dakigun inoren begian lasto-izpia ikusi eta geurean egur-mozkorra ez ikustea.

Hala ere, begi-bistakoa da Belokik, sinonimo asko aipatu arren, denak ez dituela aipatzen. Igerabidek oso hitz sujerentea darabil fundamentalismoa izendatzeko: Oinarrikeria. Azpiatal bakoitzari ematen dion trataera ere sujerentea da, iradokigarria. Gauza asko azpimarra daitezke adunarraren artikuluaren zati bakoitzetik, baina nabarmendu dezadan hauxe bederen: “Dena dela, besteei ezinbestez ezarri nahi izan gabe ere, izan daiteke fundamentalista-jarrera existentzialista bat (…); esate baterako, aszeta batek harrizko zutabe batetik jaitsi gabe bizitzeko deliberoa hartzen duenean”. Bi eratara balia daitekeen esaldia: hizkera zuzen moduan eta metafora gisa. Horrez gain, gauza asko esan daitezke Igerabideren atalari buruz.

Baina amaitu da gaurkoa: horixe zen kutxatila honetan kabitzen zena. Beraz, hurrengorako zitarekin agurtzen zaituztet eta, Jainkoa lagun, ez dugu hitza jateko asmorik. Datorren astean, aipamen gehiago. Gomendioak zutik jarraitzen du.

No hay comentarios: