Domekan Familia Ospakizuna

sábado, 23 de abril de 2016

Lukasen Ebanjelioa Juanjo Elezkanoren eskutik

Gaur, apirilaren 23an, zapatua, goizeko 10:00etan hasita izan da Arratiako Liturgia laguntzaile eta ospatzaileen formazio iraunkorreko jardunaldia. Errukiaren urtean gagozela eta domekatan Lukasen ebanjelioa irakurten, errukiaren ebanjelio honetan sakondu dogu. Laguntzailea Juanjo Elezkano abadea izan da.

Kurtso hasierako programazioa jarraituz, Ebanjelioaren ikasle misiolariak lemapean, Liturgia arloan gabiltzan guztiok egon gara gonbidatuta jardunaldi honetara: domekako abade bako ospatzaileak, liturgia laguntzaileak...

Hogei lagun pasatxo alkartu gara Zeanuri, Artea, Arantzazu, Dima eta Igorretik etorriak.

Hasieran, giro lasaian, otoitzaldi bat egin dogu.

Ondoren Juanjo Elezkanok, Lukasen ebanjelioari buruzko datu batzuk azaldu eta argitu deuskuz labur labur.

Behar mamitsuena testu bi sakonduz emon dogu: ardi galduaren parabola eta arerioenganako maitasuna.
Irakurketa lasai baten ostean, bakarka itaun batzuk erantzun doguz testuok hobeto ulertzeko eta gaur egungo egoeran argi egiteko. Interesgarriena erantzunak alkarregaz konpartitzean eta Elezkanoren azalpenak uztartzean gertatu da. Atoan pasatu jakuz hiru orduak.

Kanta barri bi ikasteko aukeera be izan dogu: Aleluia eta Agur, agur, Jesus. Ea laster CD barri hori eskuartean dogun! 








Elezkanori eskerrak emonaz amaitu dogu saioa. Hurrengo  hitzordua: Jose Angel Egiguren fraztziskotarragaz izango da, maiatzaren 13an, arrastiko 16:30etan. 






Gaia: Lukasen Ebanjelioa 






 Lehengo jardunaldian Abade bako Domekaren Ospakizunari eskaini jakon eta partaideak oso pozik urten eben.

No hay comentarios: