Espiritu Santua Mendekoste Jaia

sábado, 6 de agosto de 2016

Jaiotzak heriotza zor dau 01: Ez nuke ezustean hil nahi

Oso tarte laburrean gogoeta bi irakurri dodaz, bata heriotzari buruzkoa, Amatiñorena, bestea bateoari buruzkoa Dinosio Amundarain jaunarena. Hona bata bestearen osagarri ekartzea pentsatu dot.


Adiskidea hil zait. Ni baino urtebete zaharragoa. Lagunarteko bosgarrena, azken bolada honetan. Bata bestearen ondoren. Auskalo zergatik baina, lagun askok egin beharreko dena egin izan dugu aldi berean: lehen jaunartzea, ikasketak, lanean hasi, ezkondu, seme-alabak izan, aitondu… Orain, berriz, badirudi denok aldi berean hiltzeko txanda heldu dela, idazten dau Amatñok bere blogean.



Ezustean hil da nire laguna. Eguerdi aldera semearekin basoerdi bat edan, etxeratu, bazkalostean etzan eta kitto. Txantxetan erdi lotan hasi eta lo osoan, benetan, amaitu. Ez da gehiago jaiki. Bake santua, omen.

Norbaitek esan dit, kristau-etsipenez edo, adiskidearen heriotza-modua “zori onekoa” izan dela. Hil daitekeen erarik onenean hil dela: konturatu gabe, jakinezta, igartzeke. Ez dakit ba… ez dut uste, aukeran, nik horrela hil nahi izango nukeenik: ezustean, ezjakinean, oharkabean. Nik ez ditu ustebakoak gustuko eta, nago, ezusteko heriotzarik ere ez litzaidakeela batere gustatuko. Izan ere, ba al da hil egin behar duzuna jakin gabe hiltzea baino gauza patetikoagorik?

Nik, aukeran diot, nahiago aurretik jakin, gauzak patxadaz egin, tajuz eta zentzuz seme-alabekin hitzegin, bilobei aitxitxa zaharra agurtzeko beta eman. Alegia, hilzoriaz jabetu, zertan dihardudan jakin eta kreditoen ondotik, beltzera joan aurretik, “The End” apaltxoren bat jartzeko egokiera izan.

Beti pensatu izan dut triste samarra dela ezustean jaiotzea, noraezean munduratzea. Bizitza behingo esperientzia da eta, ezertan hasi aurretik, izan beharko genuke txikikerietarako aldarrikatu ohi dugun zorioneko erabakitzeko ahalmen hori. Aukeran, berriz diot, nahiago sartzeko aterik balego, aldamenean informazio-bulegoren batekin edo, sartzerik merezi ote duen ala ez aldez aurretik sumatzeko.

Bai, badakit nire 1945ko sarrerak ez duela honezkero soluziorik, erreklamaziotan hasteko ere berandutxo dela, baina, horratik, sarbidea ezustean egin behar izan nuenez gero, irteera nire kasa egiteko abagunerik izango al dut? Eta, ezin izatekotan, txarrenean ere, ez behintzat niri esan ezustean alde egitea eskertzekoa denik. Ezkutuan, isilpean, inori ezer esan gabe alde egitea, gaizkileak bagina edo lotsatuta bageunde bezala, ez da batere dotorea. Ezpal oneko gizakumeak formak gordetzen jakin beharko luke.

Laburbilduz. Nik aurrez jakin nahi nuke noiz hilgo naizen, nahiz apurtxo bat sufritu. Ez behar bada hainbat urte lehenago, baina bai, behinik behin, zenbait egun edo astebete lehenago. Ez dut uste lartxo eskatzea denik, ezta inoren kaltetan litzatekeenik ere. Orduan… zergatik ez?

Hala ere, hori bai, aukeran, hogei urte barru... barrena!

No hay comentarios: